Fruizko Tximeleta Ibilbidea

Fruizko Tximeleta Ibilbidea

30 lagun inguru elkartu gara Fruizen frontoitik hurbil dagoen tximeleta lorategian, zapatuan, urriaren 7an, Ondarearen Europako Jardunaldietan parte hartzeko. Aurtengo gaia “Paisaia Biziak” izan da eta Fruizen ardatz nagusia gure tximeleta lorategia izan da. Lorategi hau Zerynthia elkarteak tximeletei laguntzeko lorategiak sortzeko ekimenaren barnean egin dugu.

Polinatzaileentzat basaloreen garrantzia azaldu eta gero, hiru ordu pasatu ditugu Fruizko paisaietatik ibiltzen eguraldi eta paisaia politaz gozatzen. Txantxangorriak non nahi! Hainbat aldiz geratu gara gauza interesgarriak azaltzeko baina bereziki aipatu behar dira Botiola auzoko baserri batean, bertako jateko eta edateko produktuak eskaini dizkiguten baserritarrak. Eta hau baino lehenago bi auzokoek guren batu dira eta kontatu dizkigute paisaian ikusi dituzten aldaketak.

Esan dugunez, eguraldi polita izan denez tximeleta asko ikus zitezkeen: aza-tximeleta txikia, aza-tximeleta handia, aza-tximeleta zuri-berdexka, kleopatra, makulada, ninfa arrunta,  geranioen daratulua, kolia arrunta, kobredun txikia, atalanta, eguargiko pauma eta isats luzeko urdina. Eta taldeko gaztetxo bat oso trebe ibili da tximeletak harrapatzen! Zortea ere izan dugu zelaietatik saltoka iheska orkatzaren bat ikusteko aukera izan dugulako.

Labur esanda, oso irteera ederra! taldeko askok goiza Fruizeko Herriko Tabernan bazkaltzen amaitu dute. Ea hurrengo udaberrian esperientzia errepikatzeko aukera dugun, eta bide batez aprobetxatu larreak loretan gozatzeko. Eskerrik asko Fruiz eta urrutitik etorri zaretenoi! Benetako plazer bat izan da interes handia erakutsi duen jendearekin egotea.