ZERUKO BITXIAK

Ekainaren 4 erako antolaturik zegoen tximeleta irteera, azkenean 18an egin dugu Mungiko Udalak antolaturiko “Aste Berdea” barruan. Eguraldi ederra egin du eta dozena bat lagun bildu gara Matxin plazan. Butroi Bizirik Trantsizioan eta Zerynthia Elkarteko kide den David Hendersonek eman digu inguruko tximeleta fitxa bat, eta tximeleta bakoitzari buruzko azalpen labur bat eman eta gero ondoko parkerantz abiatu gara.

Parkean ez zen tximeleta askorik ikusten baina goizeko lehenengo aza-tximeleta txikia (Pieris rapae) ikusi dugu eta lehenengo bide ertzeko tximeleta marroia (Maniola jurtina).  Torrebillela ondoan Davidek umeei eman dizkie bere ikasleek egindako tximeleta sareak (Tximeleta sareak nola egin) eta Atxuri zubiarantz berriz ere abiatu gara. Mariñerune hotelaren aurrean taldeko ume batek goizeko lehen tximeleta harrapatu du, aza-tximeleta zuri-berdexka (Pieris napi), hain zuzen ere. Nahiz eta aza-tximeleta txikia tximeleta zuririk arruntena izan, badira beste tximeleta zuriak eta sarea lagungarri izaten da ziurtasunez identifikatu ahal izateko.

Ondoko landa zabal batean sareak erabili ahal izan ditugu han ez baitziren sasirik. Hainbat tximeleta harrapatu edo ikusi dugu (Amaieran zerrenda osoa). Gaueko tximeleta batzuk ere harrapatu ditugu. Jarraian, rugby zelaitik pasatu gara, eta leku honetan moztu gabeko belarra eta mendiko uso belar asko dagoenez, oso aproposa da tximeletentzat. Beraz, ez zen harritzekoa hemen ikaroa (Polyommatus icarus), eta beste tximeleta asko ikustea. Inportantea da baratza bat izanez gero belarraren zati bat uztea moztu barik, loreez gain, intsektu ongarri asko egongo baitira, tartean tximeletak.

Amaiera emateko goizeko irteerari, parkean zabaldu berri den Bordatxu tabernan pote bat hartu dugu, eta azken errepasoa eman diogu ikusi dugun tximeleta zerrendari. Guztira, 12 espezie ikusi ditugu!

ZERRENDA OSOA (Gehi 2 gauekoak)

Sei puntu gorriko neska ijitoa (Zygaena filipendulae), Isats-labur urdina (Cupido argiades) Kolia (Colias croceus), “Thymelicus” mota bat,  Ninfa arrunta (Coenonympha pamphilus)?, Ikaroa (Polyommatus icarus), Aza-tximeleta zuri-berdexka (Pieris napi), Bide ertzeko tximeleta marroia (Maniola jurtina), Aza-tximeleta txikia (Pieris rapae), Makulada (Pararge aegeria), Kardu tximeleta (Vanessa carduii), Aza-tximeleta handiak (Pieris brassicae), limoi tximeleta (Gonepteryx rhamni), Kolibri esfingea (Macroglossum stellatarum).

Egin klik esteka honetan tximeletak deskribapena ikusteko: TximeletaIdentifikatzekofitxafitxategiaren

ESKERRIK ASKO PARTE HARTU DUZUEN GUZTIEI I!!!